sábado, 1 de abril de 2023

ANDOAINGO UDALAK IBAIEN KUDEAKETA TRAKETSA EGITEN DU


 Andoainen baditugu ibai, erreka eta errekasto desberdinak eta jakina da hauek izatea zeinen garrantzitsua den denontzat. Sarri ibai ertzak naiz ibilguak zikinak egoten dira, gizakiaren ihardunaren ondorioz. Ibai zein errekak garbi mantentzea guztion ardura da. Alde batetik herritarrona, zeintzuk hondakinekin jokabide sendoa izan behar dugun, sortzea saihestuz eta sortzen direnean dagokion lekuan utziz edo isuriz; beste alde batetik erakunde desberdinena, zeinak baliabideak eskaini behar dituzten ibai ekosistemak mantentzeko eta ondo ez badaude hobetzeko. Horien artean legoke, egoera ikusita, ur ibilguaren garbiketa profesionala egitea eta babes neurriak hartzearena ibai-inguruak garbi mantentzeko, ibaiak, errekak eta azken finean itsasoa babesten laguntzen dugulako.

Eguzkitik badaramatzagu lau urte “Itsasoa hemen hasten da” kanpainaren bitartez Euskal Herriko herri desberdinetako udaletxeekin elkarlanean, ibai-inguruetako baranden azpikaldeetan saretxo metalikoak jartzera bultzatuz, horien bidez hondakinak ibaietara eror ez daitezen ekiditeko.



Andoainen, Udal langileak, ibaia aldean pilatzen ziren hondakin kopuru handia ikusirik, sare bat jarri zuten Makaldegiko aterpearen atzeko barandan lehenengo aldiz. Ekimen hori eta gure kanpaina uztartuz, 2022-ko martxoan Udaletxeari proposamen eta elkarlan deia egin genion, sareen erabilera zabaltzen joateko. Azkenean, 2022ko uztailean saretxo batzuk, Santakrutz zubian eta espigoi inguruan, ezarri ziren. Guk, albistea jakindakoan pozez hartu genuen, baita publikoki horrela adierazi ere, baina jarri zutena ikusitakoan ez ginen bat ere gustura geratu. Batetik jarritako sare mota arriskutsua iruditzen zaigulako: orain arte Euskal Herriko herri ezberdinetan 10-15zmko zokalo bat jartzen ikusi dugu, zokalo horiek zulo ugari dituzte urik ez pllatzeko baina Andoainen oilategietako itxituretan erabiltzen den moduko sarea erabili dute 80-100 zentimetrokoa eta hatza sartzeko moduko zuloekin, zinez arriskutsua gure ustez. Bestetik, espigoian jarritakoak uholde arrisku handiko inguruan jarri zirelako eta guk bultzatzen ditugun 10-15zmko zokaloak arazorik sortzen ez badute ere, 80-100zmkoak hesi edo presa efektua eragin dezaketelako. Bigarren arazo hau aste batzuk geroago konpondu zuten. Gaiari jarraipena eman behar omen zioten baina ordundik ez da beste ezer jarri, nahiz eta eskaera desberdinak egin dizkiogun Udaletxeari.

Jarraipena egitearen bidetik, Udalari Aldundiak urtero banatzen dituen laguntzen 2023ko deialdiaren berri eman genion. Bi laguntza mota: ibai bazterrak eta ibilgua garbitzeko bat eta hondakinak ibaira ez isurtzeko babesak jartzeko bestea. Gure harridurarako laguntzak ez dira eskatu. Andoainen eremu asko daude bai babesteko, herriko zubi guztietako baranden azpikaldeak edota Bekoplazako paseo berriko inguruak esaterako, baita ibai eremuak garbitzeke ere. Babes neurriak ezartzen hasiak ginela ez dugu ulertzen zergatik ez diren laguntza hauek eskatu babes neurriak jartzen jarraitzeko, kontuan izanik ibai ibilguak hondakin zurrunez garbi mantentzea Udalaren betebeharra dela.




Bide horretan, martxoaren 25ean egindako ibai garbiketa deialdia aipatu gabe ezin dugu utzi. Guk ere erabiltzen ditugun horrelako ekimenak, egokiak dira herritarren sentiberatasuna lantzeko eta bide batez hondakin batzuk ibai ibilgutik jasotzeko, horregatik gure erabateko onarpena dute bertan parte hartu zuten herritarrak eta egindako lanak. Ezin gauza bera esan Udal Gobernuari buruz: sensibilizazioa ondo dago baina neurri zehatzak ere hartu behar dira eta aurrekotu naiz dirulaguntza bidez dirurik aurreikusi ez dutenez, ez da inongo neurririk hartuko. Aurten, aurreko hiru urteak bezalaxe, gure herriko ibaiak hondakinez beteta eta babes neurri berririk gabe jarraituko dute.

Eguzki Talde Ekologista eta Antinuklearra, 2023 apirilean.

0 comentarios:

Publicar un comentario