viernes, 25 de marzo de 2022

ELKARLANERAKO PROPOSAMENA - SARETXO METALIKOAK

 2019 ezkeroztik “Itsasoa hemen hasten da lelopean” kanpaina bat egiten ari gara Euskal Herriko herri askotan zehar itsaso naiz ibaietako hondakinen kopurua murrizteko asmoz. Izan ere, gure kale, zubi eta plazetako hainbat hondakin arin, bildukiak bereziki ( plastikozko botila, gozokien plastiko, poltsa e.a.), ibai bazterretara edo zuzenean uretara isurtzen dira, gehienetan haizearen laguntzarekin. Honekin ez dugu zalantzan jarri nahi kale garbiketa, baina bai berau ez dela nahikoa hondakinak ibaira ez iristeko.

 

Kanpaina horren barruan hainbat jarduera egiten ari gara: sensibilizazio kanpainak, hondakin bilketak ( ibaia, erreka naiz itsas bazterrean) eta neurri zehatzak proposatuz. Egia esateko, Andoainen hainbat urtetan ibai garbiketak antolatu ditugu kanpaina honi hasiera eman aurretik eta kasu honetan neurri zehatzen proposamenean zentratu nahi genuke.

 

Proposamena mamitzeko, Eguzki erakunde ekologista eta antinuklearrak zubietako eta barandetako behealdetan saretxo metalikoak ezartzeko lan dinamika abiatuta daukagu eta dagoeneko udalerri desberdinetan, elkarlanean, bultzatu ditugu neurri hauek plastikoak eta botilak ibaietan bukatu ez dezaten. Azpeitia, Azkoitia, Urretxu, Zumarraga, Elgoibar,... dira saretxoen ezarketa gauzatu ditugun udalerriak, bertako udaletxeak eta gure artean elkarlanaren ondorio.

 

Idatzi honen bidez elkarlanerako deia luzatzen diogu Andoaingo Udalari eta hainbat proposamen egin nahi dizkiogu:

- Beheko Plaza azpiko pasealekuan baranda ipini den tartean saretxo hauek ezartzea.

- Herriguneko zubi guztietan behe saretxo metalikoak jartzea: Sorabilla, Santa Krutz, Txistoki eta Kale Berrikoa.

- Miranda pasealekuan eta Zumea kaleko barandetan, espigoia barne, behe saretxo metalikoak jartzea.

- Makaldegiko gunean etorkizunerako neurriak pentsatzen hastea.

 

Aipatu nahi dugu, oso pozgarria zaigula jakitea eta ikustea Makaldiko estalkiaren atzean dagoeneko 25 bat metro saretxo metaliko ezarriak daudela Andoaingo Udalaren eskutik. Hasitako bideari jarraipena emateko deia egiten diogu Udalari.

 

Makaldiko estalkiaren atzeko saretxoa.


Aukera ireki nahi dugu elkarlana sustatu asmoz bide bat irekitzeko eta saretxoen ezarpenak sortu ditzakeen eztabaidak emateko. Helburuak, Itsasoak ibaietan hasten dira eta gure asmoa ibaira erori daitezkeen plastiko zein botilen erorketa ekiditea da, ondoren ibaiak zein itsasoak kutsatu ez daitezen, merezi duela uste dugu.

 

IKUSI beste udalerri batzuetako elkarlanaren fruituak:

https://twitter.com/EguzkiEH/status/1373680923305250818?s=19

https://twitter.com/EguzkiEH/status/1409152038848585729?s=19

https://twitter.com/EguzkiEH/status/1407077659759218689?s=19

 

Azkenik gogorarazi nahiko genuke 2021eko otsailaren 18an sinatu zen "Andoaingo Itunean saretxo metalikoen ezartzearen neurria azaltzen dela. Herri eragile desberdinei egindako deiari erantzunez gure babesa eman genuen, beraz Eguzki ere itun horren parte da, geure egiten dugu eta betetzearen alde lanean ari gara . Idatzi honen bidez ekimen horri ekiteko atea ireki nahi diogu.

 

Andoaingo Eguzki 2022-ko martxoan

0 comentarios:

Publicar un comentario