jueves, 26 de marzo de 2015

Larunbatean, Jaizkibelgo tiro-eremu militarraren kontrako mendi-martxa

Hiru guardia zibilek epailearen aurrean deklaratu beharko dute aurki, iaz mendiko inguru babestu bat kixkali zuen sutea dela eta.

Seguruena gogoan izango duzue iazko martxoaren 10ean Guardia Zibilak Jaizkibelen sortu zuen sutea, tiro-eremu militarrean material pirotekniko zaharra suntsitzen ari zenean. Bada, sute haren ondorioz, hiru guardia zibilek Donostiako epaitegi batean deklaratu beharko dute apirilaren 9an (1). Fiskaltzaren ustez, sutea eragin izana ingurumenaren kontrako delitua izan daiteke.
Epaileek edozein erabaki hartuta ere, Eguzkikook garbi ikusten dugu sute hura ez zela arazo puntual bat izan. Guk garbi ikusten dugu zentzugabea dela naturgune bat, dituen balioei erreparatuta, Natura 2000 sareko Kontserbazio Bereziko Eremu izendatzea eta, aldi berean, bertan tiro-eremu bat egotea. Inork oraindik dudarik balu, iazko suteak argi eta garbi utzi zuen kontserbazioa eta tiro eta leherketak ez direla bateragarriak.


Egia da tiro-eremua eraistea Jaizkibelgo erabiltzaileon aspaldiko errebindikazioa dela, mendia ez baita alferrik aisialdiko gune garrantzitsua inguruko herritarrontzat. Baina hori bezain egia da errebindikazioa indarberritu dela Europako Batzordeak 1997an Jaizkibel Batasunaren Intereseko Leku izendatu zuenetik, eta, batez ere, gero Kontserbazio Bereziko Eremu izendatu zuenetik eta Eusko Jaurlaritzak, 2013an, kontserbazio neurri zehatzak onartu zituenetik.


Eguzkikook aspalditik ari gara Jaizkibelen aldeko errebindikazio eta sentsibilizazio kanpaina egiten, eta, horri jarraituz, egokia iruditu zaigu tiro-eremuan mendi ibilaldi bat antolatzea, arazoa bertatik bertara ezagutzeko eta ezagutarazteko. Hona hemen deialdia:



► Jaizkibelgo tiro-eremua kentzearen aldeko mendi-ibilaldia
Martxoaren 28an, goizeko 10etan
Tiro-eremuko sarreratik bertatik abiatuko gara, kuartela zegoen lekutik.
Batez beste bi orduko ibilaldia egingo dugu.

Gutun honen bidez, herritarrak animatu nahi ditugu ibilaldian parte hartzera eta gurekin batera Jaizkibelen tirorik ez esatera.

Eguzki, 2015eko martxoan

(1) Guardia zibilak otsailaren 4an deklaratzera deituta zeuden, baina egun hartan bertan epaileak deklarazioa apirilaren 9ra arte atzeratu zuen.
PS1.- Harremanetarako telefonoa, gai honi dagokionez, 647698347 (Karlos).
PS2.- Atxikita, hiru argazki bidaltzen ditugu. Lehenengoan tiro-eremuaren “bihotza” ikusten da. Bigarrenean, bertan bildutako hainbat bala. Hirugarrena gipuzkoa.net webgunetik atera dugu, eta bere garaian suteari buruzko informazioa ilustratu zuen.




0 comentarios:

Publicar un comentario