miércoles, 15 de abril de 2015

Lasarte-Oriako eta Usurbilgo saneamendua dela eta, Eguzkiren kezka.

En castellano: http://eguzki.org/es/2015/04/15/lasarte-oriako-eta-usurbilgo-saneamendua-dela-eta-eguzkiren-kezka/

Lasarte-Oriako eta Usurbilgo Saneamenduko Hartzaile edo Intertzeptore Nagusiaren lanak laster bukatuko dira; aurten bertan beharko lukete, behintzat. "Hartzaile edo intertzeptore nagusi" hau estolda bat da; azken batean, hodi handi bat baino ez. Hala ere, “hodi” honi esker, aipatutako bi udalerriotako (gehi Zubietako) ur beltzak bildu eta Hernanira eramango dira. Hernanitik, berriz, Loiolako araztegira, eta, bertan tratatu ondoren, itsasora botako dira, Ulian.

Tamainari erreparatuta, oso lan garrantzitsuak dira. Hona hemen datu adierazgarri batzuk: 13.712 metro hodi, lau ponpa-etxe eta hainbat ekaitz-depositu berri Lasarte-Oriako, Usurbilgo, Donostiko eta Hernaniko lurretan eraikiak; adjudikazio-aurrekontua, berriz, 24,39 milioi eurokoa izan zen.
Baina, tamaina alde batera utzita, hauek oso lan garrantzitsuak dira batez ere Lasarte-Oriako eta Usurbilgo ur zikinak biltzea eta araztegira eramatea ahalbidetuko dutelako; behingoz ahalbidetu ere. Kontuan izan behar da gaur egun, baten bati beharbada gezurra irudituko zaion arren, Lasarte-Oriako eta Usurbilgo ur beltzak (18.000 eta 6.000 laguneko herriak, hurrenez hurren) oraindik zuzen-zuzenean Oriara doazela.

Ur zikinak zuzen-zuzenean Oriara, Hipodromoko zubi ondoan. Gaur egungo isurtze-puntuetatik bat baino ez da.

Beraz, lan hauek bukatzea albiste ona izango da, are gehiago kontuan hartuta atzerapena oso, oso handia dela. Izan ere, 2009an hasi ziren, lau urteko burutze-epea zutela, eta azkenean sei beharko dituzte, gehiago deskuidatzen ez badira, behintzat. Dena dela, atzerapen hori hutsaren hurrengo da kontuan hartzen badugu Lasarte-Oriak eta Usurbilek, Europako Saneamendu Zuzentarauaren arabera, beranduenez 2001ean utzi behar ziotela ur zikinak Oriara botatzeari. Hau da, atzerapena, batez beste, hamabost urtekoa da. Egia esan, Euskal Herrian, oro har, saneamendu planak atzerapen handiarekin burutzen ari dira.

Atzerapena atzerapen, intertzeptorearen lanak bukatzekotan egotea albiste ona da, esan bezala, baina, justu une honetan, kezka berri bat sortu zaigu: den-dena prest ote dago intertzeptorea martxan hasi orduko Lasarte-Oriako eta Usurbilgo (eta Zubietako) ur beltzak erriora ez, baizik eta hara bideratzeko? Bestela esanda, loturak eginda al daude edo epe laburrean egiteko moduan al daude?
Kezka hau gertuko zenbait herritan gertatzen ari dena ikusita sortu zaigu. Izan ere, Adunako araztegia lanean hasi zenean, Oria arroko erdialdeko herri guztiek haien ur beltzak berehala edo epe laburrean hara bideratuko zituztela uste genuen. Ez da horrela izan, ordea. Araztegia inauguratu zenetik bi urte pasatu diren arren, Andoaingo ur beltz guztiak hara iristetik urruti daude. Kopuru handi bat (% 40?, % 50?) Oriara isurtzen jarraitzen dute, loturak oraindik egin gabe edo operatibo ez daudelako. Eta txarrena da ez dirudiela arazoak epe labur-laburrean konponduko dituztenik. Andoain aipatzen dugu ongi ezagutzen dugun kasua delako (http://eguzkiandoain.blogspot.com.es/2014/10/limpieza-del-rio-oria-en-auzolan.html), baina badira beste herri batzuk ur beltzak Adunara eraman ordez Oriara isurtzen jarraitzen dutenak.

Zubietako ponpa-etxea, Lasarte-Oriako eta Usurbilgo Intertzeptore Nagusiaren osagarri garrantzitsua.

Arazo honi dagokionez, zein da Lasarte-Oriako, Usurbilgo eta Zubietako egoera? Ur zikinak intertzeptorera berehala edo aurki eramateko lotura guztiak prest al daude? Oraindik baten bat falta al da? Horrela bada, zein epetan egitea aurreikusten da?

Penagarria litzateke hainbeste urte intertzeptorearen zain egon ondoren, hau martxan hasi eta lotura guztiak egin arte beste urte pilo bat itxoiten jarraitu behar izatea. Eta bitartean ur zikin asko zuzen-zuzenean Oriara, jakina, orain bezalaxe.

0 comentarios:

Publicar un comentario