martes, 19 de febrero de 2013

Bidegorriak, txirrindak eta zuhaitzak

Para leer en castellano:
http://eguzki.org/default.cfm?hizkuntza=2&id=464&atala=portadako_albistea_irakurri&nondik=1 

Bidegorri zati berri bat inguratu dute. Ekologistontzat albiste pozgarria behar lukeena triste eta mingarria bihurtu da honakoan.


AURREKARIAK
Gaur bidegorria inauguratu den leku berean, 90. hamarkada amaiera arte, Plazaolako trenbidea (herrian Tren Txikiko bidea bezala ezagutzen duguna) igarotzen zen. Trenbide hori egokia zen oso bidegorri bihurtzeko, Andoainen bertan beste zati batzuetan egin den bezala (500 metro atzerago ikusi daiteke adibide bat). Horregatik duela 15 bat urte jakin genuenean egun Leitzoz-Aranaztegi poligonoa deritzona egin behar zutela, zenbait herritarrek (Eguzkikook tartean) udalari galdetu genion ea zer irtenbide eman behar zion trenbideari, bidegorri edo/eta pasealeku bezala mantentzeko eta erantzuna: ez zegoen lekurik bide edo bidegorriarentzat. Saiatu ginen, argi genuelako irtenbide bat bilatzeko unerik egokiena zela bai plangintza aldetik eta baita poligonoa eraikitzean ari zirenez merkeago irtengo zelako ere, baino orduko udal ordezkariak ( agintzen nahiz oposizioan zeudenak) eta teknikariak ez zuten halako premiarik ikusi eta guk ez genuen indarrik izan. Orain, hamabost urte geroago, orduko akatsa nolabait zuzentzera datoz baina zapore gazi-gozoz uzten gaituzte Eguzkikook behintzat.



BIDEGORRIAK, TXIRRINDAK ETA ZUHAITZAK 
Bidegorri zati berri bat inguratu dute. Ekologistontzat albiste pozgarria behar lukeena triste eta mingarria bihurtu da honakoan. Tristea, oraingo Aldundiak ( Bildu), aurrekoak bezala, lehendik Andoainen eta Urnietan dauden bidegorriekin loturarik gabeko beste zati bat eraiki duelako, atzera pausoa eman duelako bidegorriak egiten erabili beharreko diruari dagokionean eta plangintzak betetzen ari ez delako. Mingarria berriz, bidegorria egiteko zuhaitz mordo bat bota dituzte eta. Zehazki, gaur inauguratu duten bidegorria doan lekuan duela dozena bat urte aldatutako 100 urki baino gehiago zeuden eta egun zazpi baino ez dira geratzen. Sarraski polita! Dirudienez, Bilduko politikari eta Aldundiko teknikarientzat berdin da seinale bat kentzea edo zuhaitz bat botatzea eta inondik ere ez da horrela. Bidegorriarena, ingurumena eta bizi kalitatea hobetzeko gastatutako dirua dela esango digute ziurrenik baina zaila egiten zaigu hori ulertzea ordaindu beharreko ordainsaria zuhaitzak botatzea izan denean. Sentiberatasun gutxi azaldu dute bereziki Aldundian. Ez ote zegoen ba beste aukerarik? Noski baietz eta dakigunez Andoaingo Udalak berak proposatu zizkion Aldundiari beste bi aukera: - Aukera batek egungo errepide zabala metro bat estutzea zekarrenez araudia hausten omen zuen; ez dute halako begirunerik izan araudiarekin errepide berean, tren geltoki inguruan, Idiazabal etorbidean kotxeak ilaran aparkatuz karril baten erdia hartzen dutenean etengabe. Orain ere kotxea garaile! - Bestea berriz, trenbide alderago eramatea zen baina aukera garestiagoa izateaz gain, RENFErekin ( lursailen jabea) ?borrokatzea? zekarren eta noski errazagoa zen zuhaitzak botatzea RENFErekin borrokatzea baino.


Beraz, Andoaingo Eguzki Talde Ekologista eta Antinuklearrak balorazio gazi-gozoa (gozo baina gaziagoa) egiten du bidegorriari dagokionean: - Loturarik gabeko beste zati bat eraiki dute. Hau da, Andoain-Urnieta zati berri hau lehendik Andoainen eta Urnieta dauden bidegorri zatiekin lotu gabe geratzen da gertuena 400 bat metrora geratzen da Andoaingo kasuan eta ia 2,5km-ra Urnietari dagokionean. - Urria oso 2013an Gipuzkoan bidegorriak egiteko dagoen aurrekontua, 3 milioi euro. Honek, 2012arekiko (6,7 milioi) erdia baino gehiago murriztu dutela esan nahi du, Aldundiaren aurrekontua %3 inguru murriztu denean eta soilik mugikortasun departamentuko aurrekontuaren % 2,7 izanik. - Honi beste arazo batzuk gehitu behar dizkiogu: Gipuzkoako Bizikletantzako Bideen Lurralde Plangitza Sektorialik ez dagoela (2012 onartu behar zuenean)? - Gaizki iruditzen zaigu bidegorria egiteko zuhaitzak bota izana. - Bidegorria Urnietako Erratzu poligonoan kokatzen den zatian argiteria ez dabil ( 2013-02-17an ikuskatua azkenekoz). - Noski baikorra dela Gipuzkoako bidegorri sareari beste kilometro bat (1,2 km zehatz esateko) gehitzea baina aipatutako ikuspegiak poza erabat ezkutatzen du. - Oraingoan behintzat oinezkoen eta txirrinduan doazenentzako bidea bereizi dituzte, izan ere bidegorrietan maiz egoten bait dira arazoak oinezko eta txirrindadunen artean. Bukatzeko, etorkizunean ingurune eta ingurumenarekiko begirune gehiago izan dezan eskatzen diogu Udalari eta bereziki Aldundiari.

0 comentarios:

Publicar un comentario