sábado, 25 de septiembre de 2010

Zabor bilketa leitzaranen

Andoaingo zenbait herritar eta Eguzkiko kideak, Leitzarango zenbait gune garbitzeari ekin genion iragan igandean.

Pensatua genuen lekuetan ( Otieta, Olazar eta Bertxingo zentraleko putzuak ) hainbat zabor bildu bagenuen ere, espero baino gutxiago zegoela esan behar dugu, aurreko asteetan zegoen zabor kopurua kontuan hartuta, gure ustez bi arrazoirengatik: aisialdi guneetan udalaren zerbitzuak zaborra bildu zuelako eta putzuetan berriz, bertan maiz ibiltzen diren gazte koadrila batek, Eguzkiren kartelak animaturik, bere kabuz bildu zutelako.

Gure salaketa publikoak nolabaiteko emaitza izateak pozten bagaitu ere, uste dugu arazoari irtenbide iraunkor bat eman behar zaiola eta horregatik idatzi honekin batera udala aurkeztutako proposamena gehitzen dugu:



<! --more-->


Leitzaran bailara edo aranean, zeina Biotopo Babestu izendatua dagoen, zabor ugari topatu ohi dugu, udan bereziki. Argi dago ingurune natural erakargarria dela balio ekologiko eta naturalengatik hala nola udako beroari aurre egiteko hainbat txoko zoragarri dituelako, bereziki ibai inguruan.

Jasan ezina egiten zaigu horrelako ingurune batean zaborra nonahi topatzea, ez baitugu uste ingurune natural batek eta bereziki Leitzaranek horrelako tratua merezi duenik.



Aisialdi guneetan zaborrontziak gainezka.

Zabor pilaketa nabarmena izan da udan zehar aisialdi guneetan. Nagusiki bi guneez ari gara, Olazar eta Otieta parkeak. Hauek dira Andoaingo Udalak Leitzaran araneko sarreran bultzatu dituen bi aisialdi guneak eta jende ugari biltzen dutenak udan gertutasunagatik, errepidez erraz iritsi daitekeelako, ingurune atseginak direlako eta ibai ondoan ( bainatzeko aukera ematen dute ) daudelako.



Udalak bultzatutako aisialdi guneez gain beste hainbat lekutan ere nahikoa zabor ikusi dugu, Bertxingo Zentraletik gertu dauden putzuetan esaterako.

Egunak joan eta etorri dira baina zaborrontziak gehienetan beterik egon dira, batetik honek ematen duen itsura txarrarekin eta bestetik jendeak zaborra zaborrontzira eramateko jarrera moztu egiten duelako zaborra lurrean barreiatuz. Honek, eragin oso ezkorrak sortzen ditu ingurumenean batetik gune horiek zikintzen direlako erakargarritasuna galduz eta betetik ingurunearen kutsadura eraginez.



Bestalde, birziklapenaz, berrerabilpenaz … horrenbeste hitz egiten den garaietan zaborrontzi mota bakarra topa dezakegu – herrian zehar bezalaxe – eta horrela ezinezkoa da zaborrak bereiztea: zaborrontzi horiek ez dira egokiak, aldatu behar dira.



Jokamolde honek zuzenki talka egiten Udalak daraman turismoa bultzatzeko politikarekin, Leitzaran baita politika honen zutabe nagusienetakoa – nagusiena ez esateagatik -. Alde horretatik gastatzen ari den dirua, lana eta denbora, praktikan ematen den arreta falta edo/eta utzikeriarekin ezerezean geratzeko arrisku handia dago.

Guzti hau kontuan hartuta, iragan igandean bailara txukuntzeko irtenaldia antolatu genuen, gure lana aipatutako 3 gune horietan zentratuz.



Jakinda ardura guztia ez dela Udalarena ( Andoaingo herriari dagokionean ) edo Aldundia eta beste herriena bakarrik, herritarrok - haur, gazte zein heldu - arduratsuak izan behar dugula eta eramandako zaborra etxera edo herri-gunera bueltatzen ikasi behar dugu, ingurune naturala garbi mantentzeko, Udalak hartu beharreko hainbat neurri daudela uste dugu eta horregatik proposatzen dugu:

Aisialdi guneetarako ( Otieta eta Olazar ):

Garbiketa maiztasuna handitu, zabor ontzien hustutzea, e. a., erabilerara egokituz.
Zaborrontzi eta edukiontziak aldatu edo osatu egin beharko dira, zaborra bereizteko aukera eman behar dute ( papera, plastikoa, beira… ), orain daudenak dauden moduan nahikoa ez bait dira.
Zaborrontziekin batera txartel informatiboak jartzea, hauen erabilera bultzatzeko.



Bertxin inguruko putzuetan. Badakigu hemen irtenbideak zailagoak direla, hala ere neurri hauek lagunduko dutelakoan gaude:

- Udan, edukinontziak jartzea - zaborra bereizteko aukerarekin - , zaborra bertan bota ahal izateko.
- Bertxingo zentralaren inguruan, Leitzaran ibaiaren eskubialdean, kartel informatiboa jartzea zaborraren kudeaketa egokia egiteko.

Bestalde, nekazal inguruneetan ere, zaborra bereizteko edukiontziak jartzea eskatzen dugu, orain ez bait dute aukera hori, ez behintzat bere osotasunean.

0 comentarios:

Publicar un comentario