jueves, 16 de septiembre de 2010

Igandean auzolana!!

AUZOLANAZ, LEITZARAN ZAINDU!

Azken uda hauetan, Leitzaran bailara edo aranean, zeina Biotopo Babestu izendatua dagoen, zabor ugari topatzen dugu, udan bereziki. Argi dago ingurune natural erakargarria dela balio ekologiko eta naturalengatik hala nola udako beroari aurre egiteko hainbat txoko zoragarri dituelako, bereziki ibai inguruan.

Baina jasan ezina egiten zaigu horrelako ingurune batean zaborra nonahi topatzea, ez baitugu uste ingurune natural batek eta bereziki Leitzaranek horrelako tratua merezi duenik.

Aisialdi guneetan zaborrontziak gainezka.

Zabor pilaketa nabarmena izan da udan zehar aisialdi guneetan. Nagusiki bi guneez ari gara, Olazar eta Otieta parkeak. Hauek dira Andoaingo Udalak Leitzaran araneko sarreran bultzatu dituen bi aisialdi guneak eta jende ugari biltzen dutenak udan gertutasunagatik, errepidez erraz iritsi daitekeelako eta ibai ondoan ( bainatzeko aukera ematen dute ) daudelako.

Egunak joan eta etorri dira baina zaborrontziak gehienetan beterik egon dira, batetik honek ematen duen itsura txarrarekin eta bestetik jendea ez du animatzen zaborra zaborrontzira eramatea eta kasu batzuetan egon diren lekuan uzten dute, zaborrak barreiatuz.

Bestalde, birziklapenaz, berrerabilpenaz … horrenbeste hitz egiten den garaietan zaborrontzi mota bakarra topa dezakegu – herrian zehar bezalaxe – eta horrela ezinezkoa da zaborrak bereiztea: zaborrontzi horiek ez dira egokiak, aldatu behar dira.

Gainontzeko lekuetan ere zaborra

Ardura guztia ez da Udalarena ( Andoaingo herriari dagokionean ) edo Aldundia eta beste herriena bakarrik. Herritarrak ( Andoain nahiz kanpokoak), zeresan handia dute eta hor adierazgarria da Udalaren aisialdi guneez gain beste hainbat lekutan ere nahikoa zabor ikusi dugula, Goiko Zentraletik gertu dauden putzu inguruetan esaterako.

Beraz, herritarrok haur, gazte zein heldu arduratsuak izan behar dugu eta eramandako zaborra etxera edo herri-gunera bueltatzen ikasi behar dugu, ingurune naturala garbi mantentzeko.

Auzolana

Hau guztia ikusita, uda bukatzen ari dela kontuan izanda, auzolanerako deia egiten dugu Eguzkiko kideok Leitzaran bailara txukuntzeko eta udako gehiegikeri horiek konpontzeko baina kontuan izanik hurrengo udaldirako kontzientziazio neurriak hartu beharko direla baita zaborrontziei dagokionean azpiegitura egokiak jarri ere.

Beraz nahi duen guztiak hitzordua du igandean, irailaren 19an, 16:00tan Txurrerian (Beheko plazaren parean) auzolanean Leitzaran garbitzeko.


Eguzki, 2010eko irailaren 14an

eguzkiandoain.blogspot.com

www.eguzki.org

0 comentarios:

Publicar un comentario