Para leer en castellano:
Uharriz osatutako gune hauek hegaztien kumatze-garaian seinaleztatzeko eskatu dio talde ekologistak Foru Aldundiari
Oriak Tolosa parean osatu dituen legartzak hegaztien kumatze-garaian seinaleztatzeko eta mugatzeko eskatu dio Eguzkik Foru Aldundiari. Helburua da eragoztea arrantzaleak, piraguistak edo ibaiaren beste erabiltzaileak behar baino gehiago hurbiltzea eta, konturatu gabe ere, habiak gune hauetan egin ohi dituzten hegaztien txitaldiak galaraztea.
Hegazti hauetako bat txirritxo txikia da (Charadirus dubius), “interes bereziko” eta espezie “kaltebera” gisa katalogatuta dagoena. Orian arraroa bada ere, azken urteotan Tolosako legartzetan kumatu du. Hain justu, aurten txirritxo-habi bat arriskuan jarri duen egoera batek bultz egin dio Eguzkiri legartzak mugatzeko eskatzera.

Espezie hauen presentzia ingurumenaren kalitate-adierazletzat jo daiteke, eta Oriak azken hamarkadotan onerako ezagutu duen aldaketaren sintoma ere bada. Eguzkiren ustez, “oraindik egiteko asko dago, jakina, esaterako, gero eta atzerapen handiagoa pilatzen duen sanemendu-sarea behingoz osatzea edo fauna piszikolari hainbesteko kalte egiten dioten presak desagertaraztea, baina, zorionez, bizitza berpizten da ibaietan aukera txikiena eman bezain pronto, eta horren lekuko garbia da Tolosako kasu hau”.
Kontuz “garbiketa” eta dragatuekin!
“Oso atzean geratu da orain dela hogeita hamar bat urte ezagutu genuen Oria hura, paper-fabriken apar ikusgarria ezaugarri nagusi zuena. Ibaiak hobera egin du, nabarmen. Honek berak pizgarri izan beharko luke Udalak, Foru Aldundiak, Ura Agentziak eta, oro har, herritar guztiok, ibaian jardun behar dugunean, ahalik eta modurik txukunenean egin dezagun”, esan dute Eguzkikoek.
EGUZKI 2016eko uztailean
0 comentarios:
Publicar un comentario