Oria ibaiak isurketa bat jasan du Asteasu erreka
Oriaratzen den lekuan, Zizurkil eta
Amasa-Villabona artean. Guk astea aurrera joan ahala jakin badugu ere, isurketa
astelehenean gertatu zen.
Jakin dugunez, isurketa kaltzio karbonatozkoa (CaCO3)
izan da zeina gai oso ohikoa den paper fabriketan, papera leundu eta
sendotasuna emateko. Gai arriskutsua gerta daiteke kontzentrazioaren arabera,
kasu honetan ez dirudielarik arrainak hil duenik.
Jakin orduko, harremanetan jarri gara Ura agentzia eta
beste zenbait instituzioekin. Egun ziurtatzeko moduan gaude Oriako paper
fabrikatik (Papelera del Oria) egin dela isurketa, dirudienez balbula batek
huts egin dielako.
Ikusgarria izan bada ere, zorionez gertakari oso larrian
ez dela izan dirudi. Hala ere, Eguzkikook adi jarraituko dugu gaia zertan
bukatzen den jakiteko eta egoerak hala eskatuko balu, beharrezko neurriak
martxan jartzea eskatzeko.
Dena dela, gertakari honek argi uzten du, enpresa hau eta
bere gisakoak, hau da, aspaldian eraikitakoak eta gai kutsakorrak
egunerokotasunean behar dituztenak, ez dutela behar bezalako azpiegitura halako
arazoei (enpresaren bertsioaren arabera) aurre egiteko. Horregatik enpresari
berari halako egoerak edo larriagoak errepika ez daitezen beharrezko neurriak
lehen bai lehen hartzea eskatzen diogu. Ura agentziari berriz, egoera bertsuan
dauden enpresa edo lantegiei beharrezko prebentzio neurriak eskatzea, exijitzea
fauna eta landarediaren, hala nola ura naiz ibaien kalitatea bermatzea.
Bukatzeko, herritarrei ere, halako gertakarien aurrean
ahalik eta azkarren abisua emateko eskatzen diogu, isurketa gertatzen den unean
laginak hartzen ez badira kasu askotan oso zaila baita jakitea nor izan den
arduraduna. Horretarako 112 telefonora, Ertzaintzara (Ingurumen sail bat
dauka), Udlatzain edo talde ekologistongana jo dezakete.
0 comentarios:
Publicar un comentario