sábado, 9 de mayo de 2015

EAJ zabor kontutan Andoainen ere biluzik dela agerian uzten du Bizkaiak

Bilboko Artigas zabortegi ondoko baso eta erreka plastikoz beteta daudela salatu du Eguzkik URAren, Eusko Jaurlaritzako Ingurumen Departamentuaren eta Bizkaiko Foru Aldundiaren aurrean. Hondakinak ez ziren birziklatzera eraman, eraman behar ziren bezala, eta, gero, huts nabarmen baten ondorioz, inguruetan sakabanatu ziren. Gauzak horrela, zabortegi ondoko mendiak zabortegiaren beraren zati bat dirudi (Berria).





Hura gertatu zenetik bi hilabate baino gehiago pasatu da, baina erakundeek ez dute parajea lehengoratzeko neurririk hartu, eta, gaia aipatu zaienean erakutsi duten jarrera ikusita, ez dirudi hartzeko asmorik dutenik ere.
Honezkero irakurleak esango du: oso ondo, baina honek guztiak ba al du Andoainekin zerikusirik? Bai, jaun-andrea, eta irakurtzen jarraitzeko adina pazientzia baduzu, berehala atzemango duzu…
Bizkaiko erakundeetan EAJ da nagusi. Gipuzkoan zabortegiekin zerikusia duen edozer dela eta, sekulako zalaparta sortzen duen EAJ berbera. Izan ere, EAJk Gipuzkoan protesta egiten du zabortegiak ixten ez direlako, baina baita ixten direnean ere (horra hor Zarauzko Urteta). A zer eskandalua plastikoena Artigasen ordez Sasietan gertatu izan balitz! (Edo iazko apirilean Berriatuan detektatutako Q sukarra Lapatxen agertu izan balitz!)
http://www.bizkaia.net/home2/Bizkaimedia/Contenido_Noticia.asp?Not_Codigo=13142&idioma=EU.

EAJ hondakinak erraustearen aldekoa da, eta dagoeneko agindu du Zubietako proiektua martxan jarriko duela, hurrengo hauteskundeetan Gipuzkoako gobernua berreskuratzen badu. Alabaina, proiektu txikixeagoa izango da, alde batetik, lehengoa
neurriz gainekoa zelako (kostata, baina azkenean publikoki ere hori onartu behar izan dute) eta, bestetik, Gipuzkoan azken urteotan birziklatzearen alde egindako lanak, kontraesanak kontraesan, inork gutxik espero eta, jakina, errauskailuzaleek desio baino askoz emaitza hobeak lortu dituelako.
Errauskailuak ez du fama onik, ordea, ezta atez atekoaren kontra muturreko jarrerak erakutsi dituzten hainbat herritarren artean ere. Batez ere errauskailutik gertu egongo liratekeen herrietan, esaterako, Andoain. Horregatik EAJ saiatzen da bere apustua leuntzen errauskailua zabortegien "alternatiba" dela sinestaraziz.. Izan ere, zabortegiak dira etxe atzeko patioan inork nahi ez duen beste azpiegitura horietako bat.
Bada, EAJk sinestarazi nahi duen ideia horren aurrean, behar bezainbestetan errepikatuko dugu errauskailuak ez duela inolaz ere zabortegien beharra baztertzen. Izan ere, errauskailuak sortzen dituen errauts eta zepak botatzeko zabortegiak behar dira. Are gehiago, errauts eta zepa horiek arriskutsuak direnez, ohiko zabortegien ordez, zabortegi bereziak behar dira. Baina irakurleak ez du zertan itsu-itsu sinetsi esaten duguna. Horrela dela egiaztatzeko, Bizkaiko egoerari begiratu bat bota baino ez du egin behar. Izan ere, Bizkaiko hondakin politikak Zabalgarbiko errauskailua du oinarri duela hamar urtetik. Eta Bizkaian zabortegiak desagertu al dira? Inola ere ez. Zabalik jarraitzen dute, eta zabalik jarraituko dute urte askoan, gainera. Horren frogarik argiena da Bizkaiko Foru Aldundiak aurten bertan Artigaseko zabortegia handitzeko lanak lehiaketara atera izana. Lan hauek zabortegia beste 26,5 urtez zabalik mantentzea ahalbidetuko dute. Hau da, 2041. urtera arte! (Deia).
EAJk dio: “Zabortegirik inon ez”. Baina “inon ez” horrek herrialde guztietan balio al du? Ez, Gipuzkoan bakarrik, “kasualitatez”, gehien birziklatzen duen herrialdean bakarrik, alegia. Bizkaian, berriz, zabortegiak mantentzen eta handitzen ditu, ikusi dugun bezala, eta, gainera, ez dirudi haien kudeaketan aplikatzen duenik Gipuzkoan aldarrikatzen duen zorroztasuna.





Horren lekuko da Artigasen salatu berri dugun plastiko botatzea, baina hori ere
peccata minuta da beste zenbait kasurekin alderatuta. Horra hor Zallako Las Lagunaseko zabortegia. Udalak, irregulartasun ugari atzeman ondoren, ixteko eskatu du. Bide batez aipatu behar dut, irregulartasun horietako bat Zabalgarbiko zepak bertan bota izana dela (Zallako Udala).
Bai, Bizkaiko ispiluari begiratu baino ez zaio egin behar konturatzeko EAJ biluzik dagoela Gipuzkoan zabortegien kontra sutsu baino sutsuago ari denean. Zabortegien kontra sutsu baino sutsuago, betiere baldin eta Gipuzkoan badaude, eta, oroz gain, errauskailuaren alde JO TA SU! Kontua da ez birziklatzea, edo ahalik eta gutxien birziklatzea, edo ahalik eta gutxien birziklatzea eta, gainera, ahalik eta beranduen hastea. Eta horren adibide garbia ere bada Andoain. Izan ere, PSEk eta EAJk legegintzaldi hasiera-hasieratik 5. edukiontzia barrikada gisa erabili dute Udalak birziklatze bidean pauso sendoagorik ez emateko.
Hori garbi ikusi dugu Hondakinen Mahaian. Bertan, eztabaida askoren ondoren bi puntutan lortu genuen akordioa: materia organiko era bereizian bildu behar dela eta txipdun edukiontzi (marroi) bidez egitea bata eta 2016an Andoainen sortzen den hondakinen %60a era bereiztuan biltzea bestea. Lehenengoa, edukiontzi marroiarena, lehen bait lehen martxan jartzeko eskatzen ari dira PNV eta PSE (dakidanez, egun oraindik aurrekontuak luzatuta daudenez diru partida zehatzik ez dago honetarako), aldiz bigarrena lortzeko hartu beharreko neurriez, hau da, bilketak unibertsala izan behar duela eta %60ra iristeko errefusaren ontziak ezin duela egunero irekita egon, ez dute ezer jakin nahi. Horren adierazle, EAJk Hondakinen Mahaia ere utzi duela. Bien bitartean lanean ari garen eragileak eta batez ere herritarrak zigortuta.
Beraz, honaino iristeko pazientzia izan duzun irakurle hori, ikusten duzunez, testu hasieran aipatu dugun Artigaseko gertaerak Andoainekin ere badu zerikusirik, bai.

0 comentarios:

Publicar un comentario