miércoles, 9 de abril de 2014

GIPUZKOAKO MUGIMENDU EKOLOGISTAK ALDUNDIAREN AURRERAPAUSUA ONGI BALORATZEN DU, ETA IZEN-ALDAKETATIK HARATAGO, NATUR KONTSERBAZIORAKO POLITIKETAN DITUEN ESKUMENAK GARATZEN HASTEA ESKATZEN DIO.

(Para leer en castellano: http://eguzki.org/default.cfm?hizkuntza=1&id=557&atala=portadako_albistea_irakurri&nondik=1)

Prentsaurreko honen helburua da Gipuzkoako 16 natur talde eta erakunde ekologistok Aldundiko Mendietako eta Natura Inguruneko Zuzendaritza Nagusiarekin, eta zehatzago esanda, natur kontserbazioari eta bioaniztasunari lotutako gaiekin, legegintzaldi honetan izan dugun harremanaren balorazioa egitea da. Bide batez, baita Berrikuntza, Landa-Garapena eta Turismo Sailean berriki egon den kargu aldaketa baloratzea ere.

Gipuzkoako ekologista eta naturzaelak prentsaurrean


Bilduk Foru Aldundiko agintaritza aldaketaren izenean hartu zuela ikusita, Gipuzkoako mugimendu ekologistak elkarlanean aritzeko apustua egin zuen. Hamasei natur talde elkartu eta lanean hasi ginen Foru Aldundiaren arlo honetako Zuzendaritzaren kudeaketa beste norabide batean jartzeko.
Hasieratik izan da bidea aldapatsua. Batetik, Sailen banaketa egiterakoan ingurumena bioaniztasuna eta natur kontserbaziotik bereizi zen, azken hau jarduera ekonomiko gisa planteatuz; bestetik, karguen izendapenak ikustearekin batera adierazi genuen zailtasunak aurreikusten genituela aldaketarako. Hain zuzen, egurgintzako interes pribatu jakinek bioaniztasunaren zaintzarekiko lehentasuna izaten jarrai zezaketelakoan. Hala ere, aurrera egin genuen, eta azken urte hauetan Gipuzkoako Foru Aldundian inoiz diseinatu eta garatu ez den natur kontserbazioaren aldeko plangintza egiteko oinarriak ezartzen saiatu gara.
Proposamen ideologiko eta tekniko serioak, gaitasuna eta elkarrizketarako borondatea badituela erakutsi dugu. Ondare naturalaren kontserbazioa, defentsa eta berreskurapena ahalbidetuko duen kudeaketa-eredu berria ezartzeko bost txosten aurkeztu ditugu, eta dozena inguru bilera egin ditugu gure ikuspegiaren beharra eta zilegitasuna erakusteko. Bi dira ozen egin ditugun aldarrikapenak: (1) naturaren kontserbazioa eta baliabideen ustiapena argi bereiztea aurrekontuetan, naturaren kontserbazioa helburu estrategiko nagusia bilakatuz, eta (2) natur ondarearen ustiapenaren plangintzan eragile sozialen (naturazaleak eta naturaren babeserako ekintzaileak) eta Udalen hitza aintzat hartzea, egiazko parte-hartze soziala bermatuz.

EGUR-LOBBYen ERAGINA
Gipuzkoako Foru Aldundiko Mendietako eta Natura Inguruneko Zuzendaritza Nagusiak, bereziki, bi lobbyen interesei erantzuten die, gure iritziz: (1) egurraren negozioan interesak dituzten baso-jabeen elkarteari (GEBE), eta (2) ehiza-federazioari. Egurzaleek eta ehiztariek beti izan dituzte haientzat ateak irekita Gipuzkoako Foru Aldundian, eta eurak baldintzatu dituzte Sail horren norabidea, aurrekontua eta politika publikoak. Arlo horretan interes zuzena duten taldeak izanda, ulertzekoa da euren ikuspuntua kontuan hartzea. Baina, ezin da ahaztu guztiona den ondare naturala dela, biek ala
biek, ustiatzen dutena, eta Sail horrek kudeatu beharko lukeena: ibaiak, ura, lurzorua, kalitatezko paisaiak, basa fauna eta flora, basoak, larreak, beste habitat naturalak, prozesu ekologikoak … eta horretarako aurrekontu publikoak. Hori da Aldundiko arduradunei adierazten dieguna: guztiona den eta lehentasunez babestu beharko litzatekeen ondare naturala eta baliabide ekonomiko publikoak, gutxi batzuen interes pribatuen menpe jarri dituela. Lobby horien kudeaketa-eredua ez baita jasangarria, ez behintzat naturazaleon ikuspegitik.

BASO-KONTSEILU BERRIAN NATUR TALDEAK KANPORATUTA
Egurzaleekin zuzen-zuzena zen lehendik ere harremana, eta orain Baso Kontseilua sortu da egurzaleen elkartearen (GEBE), nekazal sindikatuen (EHNE, ENBA, zeinak lurjabe diren heinean, ezin dugun ahaztu ustiatzaileak direla) eta egurraren eraldaketa enpresen ordezkariekin. Natur taldeak ere partaide gara, baina azken bileran kanporatuak izan ginen. Aipatzekoa da foru sail horretan bertan lanean ari diren teknikariek, eta Mendi Ingeniaritza Teknikoko Eskolaren izenean kontseilu honetara aurkeztu diren agiriek arlo honetan egiten den kudeaketa nola justifikatzen duten. Baso-politika intentsiboaren ardatza den pinuaren gainbehera, eta horri lotutako negozioa, ezbaian egonda ere, status quo hau, gure ustez lotsagarria dena, defendatu eta diru publikoa orain arte bezala banatzearen alde egiten ari diren presioa harrigarria da, zinez, gure iritzian. Baina ulergarria, euren negozio pribatuak bide honetatik baino ez direla errentagarriak ulertzen bada.
Egurgintza-sektoreko elkarteek lantzen duten baso ustiapenaren eredua ez da jasangarria. Mendian irekitako milaka kilometro pista, matarrasek eragiten duten higadura, espezie exotikoen monokultiboen landaketek mendiak basamortu ekologiko bihurtzea … ez du zerikusirik naturaren kontserbazioarekin edo bioaniztasuna hobetzearekin. Eta ingurumena kaltetzen duten interes pribatu horiek guztiak, diru publikoz lagunduta daude, naturaren kontserbaziorako diru-laguntzen bitartez. Horrela uler daiteke sektoreko interesatuek egungo egoera aldatzeko adierazten duten beldurra, ustiapen hauek errentagarriak izateko diru-laguntza publikoen premia baitute.

 Haritz amerikarra. Landa exotikoez ari garenean, insignis pinuaz gain, haritz amerikarraz, sequoiaz, eukaliptuaz, alertzeaz, izeiaz... er ari gara.



EHIZTARIAK KONTSERBAZIOAREN KONTURA
Ehiztariak, lotura organiko estua izan dute beti Sail honetako arduradunekin. Ehiza-federazioari eta egurzaleen elkarteari milioika euro eman zaizkie, horrela, diru publikoa jarduera pribatuetarako desbideratzen delarik diru-laguntza nominatiboen bidez. Aitzakietako bat, nekazaritzan kalteak eragiten dituzten piztiak kontrolatzea ei da, baina hala balitz, diru-laguntza horiek nekazaritza sailetik bideratzea litzateke zentzuzkoena, gure ustez. Ehizaren inguruko kudeaketa natur kontserbazioaren bizkar (kontserbaziorako aurrekontuetatik) egin da.


PARTEHARTZE PUBLIKOA BERMATZEA: BIOANIZTASUNAREN FORU KONTSEILUA OSATZEAREN ESKAERA
Mendietako Zuzendaritzako parte-hartze publikoaren eredua (egurra, ehiza) lobbyen mesedetara eraikita eta egokituta dago: interes korporatibistak dituzten gutxi batzuek erabakitzen dute
gipuzkoarren dirua nola kudeatu. Esan bezala, lobby horiena ez ezik naturazaleon ahotsa ere arlo honen kudeaketan aintzat hartzea izan da azken legealdi honetan egin dugun aldarrikapena. Horretarako, Bioaniztasunaren Foru Kontseilua sortzea eskatu dugu behin eta berriz: guztion interesak ikusaraziko lituzkeen parte-hartze publikorako organo zabala egituratzea. Natur ondarea kontserbatzeko, ezinbestekoa da ustiapena eta kontserbazioa kontrajarriko dituzten begiradak eta diskurtsoak bateratzea. Bestela, natur ondarearen etengabeko galera pairatzen jarraituko dugu.
Kontseilu horrek, ordea, ez luke zentzurik bertan urteko (eta urteetako) plangintzak aztertuko eta eztabaidatuko ez balira. Hau ere ametsa da gaur gaurkoz. Iaz Sail horretako arduradunek plangintza baten egitasmoa aurkeztu baziguten ere, ia urtebete beranduago ez da ezertan gauzatu, eta larriagoa dena gure ustean, ez du aurrekontuetan eragin.


AGINTALDI HONEK KALE EGIN DU
Agintaldi honetan ez genuen miraririk espero, baina posible zen, eta uste dugu zilegi dela aldaketarako oinarriak ezartzea. Gure aldetik ahalegina egin dugu. Prozesu luze honetatik gauzatu dugun lorpenik handiena Gipuzkoako natur kontserbazioaren eta ekologismoaren ahotsa bateratzea izan da. Ezagutzen ditugun talde guztiak batu gara, eta denon artean partekatzen dugun diskurtsoa harilkatu eta proposamen zehatzen bidez bideratu dugu Gipuzkoako Foru Aldundira. Ez du balio gizarte eragileen aldeko diskurtsoak egiteak, aurrean daudenean aintzat hartzen ez badira. Horrela sentitu gara, eta horrela adierazten dugu.
Urte hauetan naturaren kontserbazioak ez du ia lekurik izan Gipuzkoako Foru Aldundian, eta ondare naturalaren defentsan, zaintzan eta kontserbazioan aritu beharko luketenak naturaren ustiapena kudeatzen ari dira. Hutsa, lehen sektorearen onerako eta gizartearen onurarako balitz, baina horretarako ere ez, lehen sektoreak bizi duen gainbehera ikusita. Baina, eredu honek badu alternatibarik. Natur eremuen zaintzatik bestelako inbertsioak eta lanpostuak eragin daitezke. Ingurumen enpresetan, I+G+i-ak, turismo jasangarrian aukera berriak, natur behatokiak, azterketak, argazkilaritza-molde berriak (birdwaching taxuzko ekimenak), edota gizartean eta hezkuntzan barneratuak dauden natur eremuekiko tailerrak (zeinak nekazaritza-eredu berriekin uztartu daitezkeen) ...

Naturaren eta basa bizitzaren kontserbazioaren arloan argi dugu legealdi honek ez duela aldaketarako aukera handirik eman orain arte. Dena dela, txalotzekoa izan da Mendietako eta Natur Inguruneko Zuzendari Nagusiaren ordezkapena. Aldaketa horren hasiera bada, ongi etorria izan bedi. Baina, argi gera dadila, Zuzendari berriarena bide baten lehen pausu gisa bakarrik uler dezakegula, eta jarraian helburuetan, planifikazioan eta organigraman aldaketak etorri beharko dutela, baita egun onartutako aurrekontu urrien tamainan eta norabide-aldaketa ere.

Andoainen ere landatu berri dute eukaliptoa Goiburu auzoan.

Zehazki, eta aurrekonturik ezean, aldaketak erabatekoak izango ez badira ere, legegintzaldi hau bukatu aurretik egitekoak lirateke: (1) Foru Aldundia eta Udalen jabegokoak diren baso-eremu guztietan bioaniztasuna lehenetsiko duten plangintzak egitea (monokultibo exotikoak ezabatzean natur balioen kontserbazioa lehenetsiz, etekin ekonomikoaren gainetik, eta eremu horietan baso
naturalak berreskuratuz), (2) NATURA 2000 SAREko naturguneen lehentasunezko kudeaketa eta inbertsioak zehaztea, eta (3) Bioaniztasunaren Foru Kontseilua sortzea.


EREDU-ALDAKETARAKO BIDELAGUNAK IZATEKO PREST
Ez dugu egindako bidea ezkortasunetik bizi nahi. Prozesu honek Gipuzkoako natur eragileak biltzeko balio izan du, eta elkartuta jarraitzeko asmoa erakutsi dugu. Gure lana da denon ondarea den natur kontserbazioko politika publikoen defentsa egitea, noski, ingurumenarekin benetan bateragarria den jarduera ekonomikoa ere sustatuz.

Hala bada, Gipuzkoako Foru Aldundian ondare naturala, mendiak eta basa bizitza zaindu, kontserbatu edota berreskuratzeko bidean lana egingo duen arduradunik izendatzen bada, jakin beza bidelagun izango gaituela edo, bestela, aurrez aurre.

Donostia, 2014ko apirilaren 5ean.

Orain arteko prozesuan parte hartu dugun, eta prentsaurreko hau sinatu dugun Gipuzkoako natur taldeak eta erakunde ekologistak:

Eguzki Talde Ekologista eta Antinuklearra Erkaxo Azpeitiko Natur Taldea Haritzalde, Naturzaleen Elkartea Herrio Orioko Natur Taldea Itsas Enara Ornitologia Elkartea Katamarrua Zestoako Natur Taldea Landarlan Natur Elkartea Mutriku Natur Taldea Elgoibarko Okil Beltzak Osina Natur Taldea Ugatza Ornitologia Elkartea Zumaiako Natur Taldea Arkamurka Natur Elkartea Ondarroa 12 milia Berdeak Ekologistak Martxan


0 comentarios:

Publicar un comentario