miércoles, 20 de noviembre de 2013

Konpostaren inguruko elkarrizketa.

Andoaingo Eguzki kanpainan dago. Duela egun gutxi albiste ezin hobea izan genuen errausgailuaren behin betiko agurrarekin. Horren harira andoaindarrak konzientziatu nahi izan ditugu azken bi astetan ezarritako seinaleekin non errausgailuan distantzia agertzen zen, azken 10 urteenta gipuzkoarrek eta bereziki andoaindarrek izan dugun mehatsua adieraziz. Ondorengo egunetan mehatsu hori zertan oinarritzen zen azalduko dugu, hala ere, Zubietan ez da errausgailurik eraikiko eta espero dugu ez Olaztin eta ez inon gehiago ez eraikitzea.


Orain herritarren txanda da, ahalik eta gehien materialak murrizten, berrerabiltzen eta birziklatzen burubelarri jarri behar gara. Horien artean konpostaren aukera dago, materia organikoa tratatuz ongarria lortzea. Hori azaltzeko Gipuzkoa Zero Zabor taldeko Mikel Ikatzategiri elkarrizketa egin diogu:

1. Zer da konposta egitea? Zertan oinarritzen da?
Konposta egitea,  hondakin organikoa, hau da, janari hondarrak eta loretzaintza nahiz baratzegintzako hondarrak, prozesu natural baten bidez ongarri bihurtzea da. Horrela, gaizki kudeatuz gero hainbeste arazo ematen dituen hondakin atal honekin, arazoak ekidin bakarrik ez, lurra aberasteko produktu bat ekoiztea lortzen dugu. Konposta egiteko erabilitako hondakin organikoa beste atalekin nahastu gabea bada, oso kalitate oneko ongarria lortzen da, eta, baratzeetan eta loretzaintzan erabil daiteke.

(Auzo konpostarako etxola)

Askok uste duenaren kontra, konposta egiterakoan materia organikoa ez da usteltzen, eta beraz, ez ditu usteltzerakoan ematen dituen arazoak ematen, usain txarra kasu. Konposta egiterakoan, usteltzerakoan ez bezala, oxigenoarekin deskonposatzen da materia organikoa, prozesu aerobikoa da beraz, eta usteltze prozesutik oso ezberdina da prozesua, bai kimikari dagokionez, bai parte hartzen duten mikroorganismoei dagokionez. Horregatik, ondo egiteko, garrantzitsua da hondakin organikoari, lehorkina edo egituratzailea deitzen zaiona gehitzea, hau da, egur naturalaren txirbila, orbelak, lastoa, horrek masa bat egitea galerazten baitio tarteka mugituz gero.
Konpostajearen garrantziari buruz ari bagara, ezin utzi dugu aipatu gabe etxeetan sortzen dugun hondakin organikoaren ia erdia, %40-45 inguru, hondakin organikoa dela, eta beraz, horri irtenbide ona emateko ahaleginak garrantzi handia duela.

2. Erraza al da? Zer konposta daiteke? Zer behar da hori egiteko?

Konposta egitea, oso erraza da. Janari hondar guztiak konposta daitezke, landare, nahiz animali jatorrizkoak, sukaldean prestatuak nahiz gordinak, lorezaintzako hondakinak eta baratzeetako hondakinak ere bai. Gauza guztietan bezala ikasi beharra dago, baina nahikoa da 30 minutuko ikastaro bat, eta gero, eginaz ikastea. Lau elementu kontrolatuz dena ondo joaten da. Hondakin organikoa edo materia hezea deitzen zaiona, lehen aipatu dudan lehorkina, airea eta hezetasuna. Lau osagai hoien oreka mantendu beste beharrik ez dago.
Gero truko txikiak daude. Adibidez eltxoak ez sortzeko hondakin “frexkoa” gainaldean ez uztea, beti tapatuta uztea eta horrelakoak. 

3. Konposta, norbanakoak eta kolektiboki egin daiteke, zeintzuk dira bereizgarriak?

Prozesuari dagokionez ez dira bereizten. Aldatzen dena bitartekoak dira. Etxeko konpostajea edo autokonposta, bere etxean lur zatiren bat daukanak egiten du normalean, baratzean, lorategian... Pisutan bizi garenok ez daukagu horretarako aukerarik. Aukera izan dezagun, udalak lur publikoak egokitzen ditu, eta, inguruan bizi diren herritar taldeen esku uzten ditu, hauek, antolatu, eta, guztien artean, konposta egin dezaten. Azken eredu honi auzokonposta deitzen zaio.
(Auzokonpostarako gunea)


4 Zer garrantzi dauka norberak bere hondakin organikoak konpostatzea?

Abantaila handiak dauzka. Norberak hondakin hori tratatzeak beharrak asko gutxitzen ditu. Bilketa beharra, garraiatu beharra, tratatu beharra... behar hoiek guztiek ekonomikoki kostua daukate, eta, garraiatu beharrak, ingurumen aldetik kalte handia egiten du. Horregatik, justuak izan nahi badugu eta, praktika onak bultzatu nahi baditugu,, konposta egiten duenari hondakinen tasan hobariak aplikatzea ezinbestekoa da, azken finean, udalek eta mankomunitateek ere dirua aurrezten baitute horri esker.

5. Konposta egiteak kontzientzia ekologikoa pizten du edo soilik modan jartzen ari den usadioa da?
Askok, gauzak egiteko, lehenengo kontzientziatu behar dela diote. Nik ez diot horri ezetzik esaten, baina gauzak egiteak kontzientzia hartzea errazten duela ukaezina da. Hortaz, jendea gazuak egiten has dadin bestelako pizgarriak ere aktibatzea beharrezkoa da. Horrela, hondakinak gaika sailkatzen dituenak, organikoa barne, horrekin bakarrik zein zabor gutxi sortzen den, eta, zabor edo errefusa hori zein inertea den ikusita, zero zabor utopia bat baino askoz geiago dela konturatu, eta askoz aktiboagoa bihutzen da horren defentsan. 
Konposta egiten duenak are eta gehiago. Zein zabor gutxi sor daitekeen ikusteaz aparte, hainbeste arazo eman ditzakeen hondakin organikoa, gauza probetxugarrian nola bihur daitekeen ikusten baitu. Konposta egiten duenak nekez uler dezake hondakinak kudeatzeko azpiegitura erraldoi eta kutsakorrak eraikitzeko batzuk daukaten grina.

6. Hondakinik onena sortzen ez dena leloari jarraituz, hondakin onena norberak kudeatzen duena gehitu genezake, hau al da konpostaren kasua? Birziklatzeko eta konpostatzeko ohitura handia al dago, edo oraindik asko dago egiteko?

Lehen esan dudan bezala, eta ekoizpenarekin gertatzen den bezala, gertutasun printzipioak garrantzi handia dauka ingurumen ikuspegi batetik. Horri, aldeko faktoreen artean, norberak hartzen duen kontzientzia gehitu behar zaio. Bereziki gomendagarria ikusten dut seme-alabak hazten ari diren familientzat, balio pedagogiko handia baitauka.
Gai hontan, Gipuzkoako herri askotan, eta baita Nafarroako Sakanan egiten ari diren urratsak harro eta itxaropentsu egoteko modukoak dira. Herri txiki askotan, Orendain, Orexa, Elduain, Aduna... hondakin organiko guztia herrian bertan konpostatzen dute, ala aurki egiten hasiko dira. Horrek, ingurumen abantailez gain, aurrera begira, diru mordoa aurrezteko aukera eman diezaieke. Beste hondakin atalak biltzeko maiztasuna asko gutxitu dezakete, materia ustelkorrik ez dagoelako, eta ondorioz, bilketa eta garraio gastuak izugarri jeitsi daitezke.

Bestetik, konpostajea beste sistemekin batera daukaten herriak daude, Usurbilen kasua bezala. Usurbilen 525 familiak etxean egiten dute konposta. Beste 150 familiak auzokonposta egiten dute eta 38 familia konposgunea prestatu zain daude itxaron zerrendan. Usurbilek 6.000 biztanle dituela kontuan hartuta, biztanleen heren baten materia organikoa herrian bertan konpostatzen dela ikus dezakegu. 


(Usurbilgo herritar bat konposta egiten) 

Gipuzkoan, guk dauzkagun azken datuen arabera, 1.464 familia ari dira auzokonposta egiten eta beste 1.131 izena emanda hasteko zain. Lehenengo esperientziak bi urte bete berriak dituela ikusita, garbi dago ez garela ari gauza anekdotiko batetaz hizketan. Hala ere, hedatze hau asimetrikoa da. Sustatu den herrietan sekulako arrakasta izan du, baina beste herri batzuk beste aldera begira daude, haiek arazoaren parte ez balira bezala. Orain arteko hedapenak jarraipena izan behar du beste herrietan ere.

7. Adunako herriari Conama Fundazioaren saria emateko orduan, zertan oinarritu dira?

Orain arte aipatu ditugun gauza hoietan. Batetik, hondakin organiko guztia herrian bertan konpostatzeak ingurumen aldetik daukan garrantziaz. Horrekin batera, zaborra nahasian ateratzeko aukera kentzeak zaborraren sorreran ekartzen duen beherakadak suposatzen duen eragin positiboan. Hondakinen %85 gaika biltzea espero dute sistema berriarekin. Uste hori ez dago ametsetan oinarrituta, Orendainek ireki zuen bideak gauzagarria dela erakutsi baitu.

8. Buruntzaldeko herriek erraustegia mehatxu izan dugu azken urteetan. Zein da proiektu horren egoera eta zer paper jokatuko luke konpostak?
Proiektu hau bertan behera utzi da, hala ere, Gipuzkoako hondakinen aurreko kudeatzaileek gauzak ondo lotuta utzi zituzten proiektuan atzera egitea ia ezinezkoa izan zedin, horregatik 8.1 milio euroko kalte ordainak ordaindu behar zaizkio enpresa eraikitzailelei. Kudeaketaren xehetasunak ezagutzen ez dituen jendeak pentsa dezake orain arte proiektua bizirik egon izana kudeatzaile berrien utzikeriagatik izan dela, baina guk badakigu gauzak ondo egiteko, eta, inork ez zapuztu ahal izateko, nolako lanketa egin behar izan duten. 



(Erraustegiaren aurkako zuhaitz landaketa)
Kontua da, ahalik eta gauza gehien lotu nahian, presaka ibili behar izan zutela lehengo kudeatzaileek eta akats larriak egin zituztela. Hoien artean, eraginkortasun aldetik garrantzitsuena, ingurumen baimena eman zitzaion proiektuaren, eta, gero onartu zuten proiektuaren arteko ezberdintasun handiak dira. Horrek, eraiki nahi zuten proiektua baimenik gabea izatea dakar, eta beraz, legez kanpokoa. Horrek, helduleku garrantzitsua suposatu du gelditzea ia ezinezkoa zen proiektua bertan behera uzteko.  Gipuzkoarrok 200.000.000 eurotik gora aurreztuko dugu planta toxikoa ez egite hutsagatik, eta hori, pozgarria da.
Zabortegi kutsakorrik ez badugu nahi eta errauste plantarik ez badugu nahi gauza bakarra egin dezakegu: zaborrik ez sortu, ala gutxienez, sortzen duguna oraingoarekin zer ikusirik ez daukan dimentsiotara jeitsi. Horretarako, hondakinen sorrera murriztu, eta, sortu diren hondakinak nahastu gabe bildu eta birziklatzea da bide bakarra. Materialek daukaten balioaz jabetu behar dugu, eta, dena nahastu eta zabor bihurtu beharrean, material hoiek lehengai bezala erabili. “Mehategi urbano” hoietara jotzen badugu, ez dugu mendiak eta natura hondatu beharko material hoiek lortzeko, eta era berean, zabor eta kutsadura gutxiago sortuko dugu. Konpostajeak, tratatu beharreko hondakin kopurua murrizten laguntzen du, eta gainera, ongarria lortzen da. Guztiz beharrezkoa da beraz arazoa konpondu nahi badugu.




9. Zein mezu helaraziko zenioke konpostaren inguruan zalantzak dituen herritarrari?

Informatzeko. Inguruko herri askotan egiten da, eta, bertara gerturatzeko nola egiten den ikustera, usain txarrik dagoen ala ez frogatzera, eta beldurrak uxatzera. Arazoaren parte izateari utzi eta konponbidearen parte izatera pasatzeko aukera bikaina ematen du konposta egiteak.









0 comentarios:

Publicar un comentario