viernes, 3 de mayo de 2013

Oria ibaiaren garbiketa



Urgarden eta Eguzki talde ekologista eta antinuklearrak, Oria ibaiaren garbiketa antolatu dugu bigarren urtez Andoainen, herrigunean, hiritartutako igurunean, Azelain eta Txistoki zubien artean, zabor hori biltzeko asmoz baina baita kontzientzia sortzeko ere, denok (administrazioak, lantegiak eta herritarrok) egin bait dezakegu zerbait gehiago kutsadura mota hori saihesteko. Deialdia, larunbata maiatzaren 11rako da eta 15.30etan Allurralde Kiroldegiaren atean elkartuko gara. Tresneria Andoaingo Udalak jarriko du.


ZERGATIK IBAI GARBIKETA?
Ibaiak, urte askotan bizkarra eman zaien arren, egun herri naiz hirietako ardatzetako bat bihurtzen ari dira. Horren ondorio da ibai egietan ibilbideak, gune berdeak... edo ibai azaleratzeak gero eta ugariagoak direla. Orian zehazki bi ekintza garrantzitsu gertatu dira maila honetan azken urtean:

* Oriako itsasadarrak hezegune gisa ( Gipuzkoako azalera handiena du, Txingudik baina gehiago) duen garrantzia ematen hasi direla administraziotik. Horren adierazgarri Motondo ( Orio) berreskuratzeko diru partida bat jarri dutela da.

* Duela egun batzuk Adunako araztegia inauguratu dute.


Honelako ekintza ezinbestekoak dira ibaietako ur kalitatea hobetzeko eta baita kontzientziazioa naiz isurketen kontrola ere.


Ekintza hauen eraginez, ibai naiz errekei gero eta gehiago begiratzen diegu herritarrok eta bertan ikusten duguna ez zaigu gehiegi gustatzen. Izan ere, ahate naiz ur-oilo baten alboan plastiko zatarrak eta ibilgailuen gurpilak ikusten ditugu. Ibai inguruan ikusten ditugun zakar guzti horiek, paisaia zikindu eta itxura txarra emateaz gain, kalteak ere eragiten dituzte ibaian lehenik eta bertan kateatuta geratzen ez direnak itsasoan ondoren:

* "Zakar" horiek desegiten diren neurrian gai kimikoak askatuz joaten dira, kutsadura sortuz.

* "Zakar" horiek, plastikoa nagusiki, hegazti eta arrainetan kateatzen dira luzarorako “apaingarri” bihurtzen delarik, zenbait kasutan izaki hauek akabatzea eraginez, itota adibidez.

* Irentsi ere egiten dute zaborra eta kasu batzuetan plastiko digestio aparatuan geratzen da hauek akabatuz.

Etorkizun hurbilean hegaztiz, landarez naiz, bizidunez beteriko Oriako itsasadar bat nahi badugu, arro guztia zaindu beharko dugu, bestela zabor eta isurkinak oztopo garrantzitsua izango dira itsasadar horretan bioaniztasuna bere osotasunean garatzeko. Horretarako denok esku hartu behar dugu, instituzioak, lantegiak eta herritarrok. Ezin dugu irtenbidea soilik besteren eskutan utzi.


- Administrazioari ( Eusko Jaurlaritza, Aldundia, Udala), arauak betearazteko premiarekin batera, herritarrengan kontzientzia bultzatu behar dela gogorarazi behar diogu, hala nola araztegien %100a martxan jartzeko Adunakoan dauden gabeziak (Andoaingo ur zikinak ibaira isurtzen dira egun) lehen bait lehen bideratzea.

- Lantegiei, bere zaborra, isurketak… kudeatzeko garaian, indarrean dauden arauak betetzeaz gain, gauzak ondo egitean duten ardura gogorarazi behar diegu. Izan ere, ez da nahikoa gaur egun hain arruntak diren ISO ziurtagiri bat lortzea, eguneroko jardueran ingurumena errespetatuko duen kudeaketa garbi egiteari ekin behar diote eta ez arau nola saihestuko duten pentsatzeari.

- Herritarrei dagokionean berriz, guk ere ezin dugu beste aldera begiratu, ibaiak ez dira zakarretaz desegiteko lekuak ezta gure etxetako desagueak edozer gauza botatzeko lekuak ere. Kontuan izan ura zenbat eta zikinagoa eta kutsatuagoa egon zailagoa eta garestiagoa dela bere onera ekartzea.

Aurrerapauso hau ematerakoan, auzolanaren filosofia jarraituz egin nahi izan dugu, denok dugulako ( maila handiagoan ala txikiagoan) ardura gai honetan eta askoren artean, gizartean aurrerapauso bat eman dezakegulako. Horrela, elkarlanean aritzeak kontzientzia eta harremanak sortzen laguntzen du eta gainera lanak arinagoak egiten dira.


Urgarden eta Andoaingo Eguzki, 2013ko maiatzaren 07an

0 comentarios:

Publicar un comentario