viernes, 8 de marzo de 2013

APEADEROKO PASABIDEAREN LANEN BALORAZIOA

Trenbide gaineko pasabidearen arriskuarekin bukatu bada ere ADIFek badu zeregina: irisgarritasun osoa, txartel bakarra…

Duela bi urte luze, Eguzkitik, Andoaingo apeaderoko pasabidearen inguruan aritzeko arrazoiak topatu genituen. Izan ere, hain beharrezkotzat jotzen genuen obraren ibilbidea behar baino motelagoa izaten ari zen. Gaur, hainbeste luzatu den egitasmoa martxan egoteaz pozten gara.

Proiektu honek zituen bi helburu nagusiak ondo bete diren jakiteko berriz martxan ikusi nahi genuen eta egun balorazio egitekotan gara. Helburuak honakoak ziren: lur gaineko pasabidea ordezkatzea arriskuak murrizteko, bai geralekuko komunikazioari dagokionean eta baita kale Berria naiz Joakin Larreta kaleen arteko lotura segurua lortzeko ere batetik: mugikortasun arazoak dituztenei trabak konpontzea, bestetik. Premiazko kontu batez ari gara beraz, garraio publikoaren erabilgarritasuna errazteko zein herritarron segurtasuna bermatzeko herri barruko ibilbideetan, ezinbestekoak biak.



Obrak guztiz amaituta daudelarik, geralekuko naiz kaleen arteko komunikazioari hala nola trenbide gaineko pasabideak eragiten zituen arriskuei dagokionean helburuak bete direla esan dezakegu pozarren; geralekuko irisgarritasunari buruz berriz, kili-kolo dauden puntu batzuk aurkitu ditugu, bai eta tiket-en salmentarako makinen kokalekua. Tolosara joateko asmoa duen edozeinek egin behar duen ibilbidea, Kaleberritik nahiz Joakin Larreta hiribidetik etorrita, tiket-a erosi eta trenera igotzeko oso luze zein nahasgarria da, kasu askotan trenbidea goitik zeharkatzeko ideia oso tentagarria bihurtuz.

Honetaz gain, eta tiket-en gaiari lotura emanez, hauen prezio garestiak salatu nahi ditugu. Onartezinak iruditzen zaizkigu zerbitzu publiko batez ari garen heinean. Era berean, lurralde buseko txartelarekin ordaintzeko aukera dugu duela ez askotik, baina inolako deskonturik gabe. Estatuko hainbat tokitan, garraiobide desberdinetan txartel bakarraren antzekoa erabili ahal izateko aukera dute, horrek suposatzen dituen deskontu zein abantailekin, eta guk, ez dugu gutxiago izan nahi. ADIF ez gutxietsi gipuzkoarrak!
Bestalde, duela bi urte aipatu bezala, mugikortasun arazoak dituztenentzat igogailuak trabak murriztea dakar baina ez desagertzea. Egun aldirietako zerbitzuan ohiko dugun tren zein geltokien diseinuak oztopo izaten jarraitzen du ( nasa eta trenaren arteko koska handia da), pertsona hauek trena erabili ahal izatea galaraziz. Erabateko irisgarritasuna urrun dago oraindik.



Aipatutakoei beraz, irtenbidea jartzea eskatzen diogu ADIF-i Eguzkikook, hala ez balitz, lanen helburuaren zati bat, hala nola gastatutako diruarena, bete gabe geratuko da.

Amaitu, beste salaketa batekin amaitu behar dugu. Izan ere, garraio publikoaren erabilgarritasuna erraztea zein arriskuak murriztea helburu dituen egitasmo honek, urte luzez iraun du, akordio korapilatsuz josirik, e.a. 1,2 milioi euroko kostua izan du, sufritzen ari garen egoera sozioekonomikoa dela eta kontuan izan beharrekoa. Baina aldi berean Andoainen bertan eraikitzen ari den AHTaren (Abiadura Handiko Trena) bi obra zatiak, 260 milioi euroko kostea dute eta hauek ez dute inongo finantzazio oztoporik izan. Egun zalantzarik gabe esan dezakegu AHT-a tren arruntaren eguneratzerako naiz aldiriko trena egokitzeko oztopoa dela eta honetan Madrideko Gobernusk, ADIFek eta Eusko Jaurlaritzak dute ardura.


Andoaingo Eguzki, 2013ko martxoan

0 comentarios:

Publicar un comentario