domingo, 22 de mayo de 2016

165.000.000€!! TXIRRINKA ANDOAINDIK PASA DA ETA KOPURU HORI IZAN DA ALDARRIKAPENAREN ARDATZ

165.000.000 bai, 165.000.000 euro. Horixe da AHTaren trenbide eraikitzea kostako dena Andoaingo udalerriaren zatiari dagokionean. Beno benetan kopuru hori baino handiagoa izango da, AHTaren zati askotan aurrekontua baino diru gehiago gastatzen ari dira; Andoainen ere horrela da, egun lanak geldirik baitaude aurrekontuaren handitze baten zain.

Eguzkikook , Txirrinkaren Andoaingo erreleboaz arduratu garen neurrian, herriko eragile ezberdinei galdera bat jarri diegu mahai gainean: zer egingo zenuke zuk (edo zure elkarte/erakundeak) Andoainen AHTa eraikitzeko gastatzen ari garen diruarekin (gogoratu 165.000.000 euro) edo aren zati batekin?

Galdera honi denek ez diote era berdinean erantzun. Batzuk zuzenki AHTan dirua gastatzeari alternatiba bat eman diote, beste batzuk berriz

Oso erantzun interesgarriak jaso ditugu. Esaterako:

* Andoaingo Kaleratzeak Stop-ek zera proposatzen du:
Andoaingo zatia eraikitzen gastatuko den diruarekin Euskadi osoan Larrialdietarako Laguntzak duen aurrekontua 8 aldiz bete ahalko litzateke. Energia pobreziaren arazoa konponduko litzateke eta bazterketa arriskuan dauden familiak ez lukete inongo energia mozketarik jasan beharko. Gainera Andoainez gain eskualde osoan etxebizitza sozialen beharrak asetzeko ere iritsiko litzateke. Inbertsioak bai baina gizarte eskubideetan murrizketarik gabe.

* Andoaingo Ernaik berriz, gazteei lana eta soldata duinak bermatzeko erabiliko luke dirua, baita etxebizitza eskubidea herritar guztiei eta bereziki gazteei bermatzeko ere, horretarako tresna nagusia alokairu soziala izanik.

* Gaztetxeak ere bat egin du ekimenarekin eta gazte naiz herritarren beharrak aseko dituen ikastarotan ( nork bere burua ezagutu eta kudeatzeko baliagarriak izan daitezkeenak), gertuko eta formatu txikiko kultur ekitaldietan inbertituko luke diru horren zati bat.
* Ipar Haizea nahiago izan du bere mezua Zubietako errauskailuarekin lotu. 1200 milioitik gorako kostua izango lukeen egitasmoa zentzugabeko egitasmoen zerrenda sartzen dute. Zentzugabe bai herritarren eta bereziki andoaindarron osasuna arriskuan jartzen delako, ingurumenari kalte handia eragiten diolako,dirutza eta lehengaiak xahutzea suposatzen duelako eta bilketa bereiztua eta konpòstaian oinarritutako plangintza batek emaitza askoz hobeak emango lituzkeelako, errauskailua kostako denaren %15arekin.

* Eguzkik berriz zera proposatu du: trenbideak bultzatu behar dira bai baina benetan erabiltzen diren trenbideak. Hor dugu Irun- Brinkola ibilbidea, zeina egunero 15.000 bidaiari baina gehiagok erabiltzen duten, duela 125 urte baina gehiagotik oinarrizko aldaketa-hobekuntzarik izan ez duena. Trenbide sarea eguneratu, geltoki eta geralekuak eta tren
bagoiak egokitu, erabateko irisgarritasuna bermatzeko Eusko Trenen sarean kasu gehienetan gertatzen den bezala. Baita azken honetan irisgarritasuna 100%ean bermatu eta desdoblamendua egin (Donostia-Irun ibilbidean esaterako.

Ikus daitekeenez, gizarte eragileetan ez da ideiarik, proposamenik eta lan egiteko gogorik falta, ideia eta egitasmo horiek gauzatzeko dirua behar da. Eta dirua egon badago baina AHTa, errauskailua eta beste zenbait zentzugabeko egitasmotan xahutu nahi dute, gizarteko beharrak eta gizartea bera bateratzeko edo koexionatzeko balioko duten egitasmoetan inbertitu beharrean.

Horregatik Ama Lurraren defentsan, “Lurra zaindu, eredu soziala eraldatu” lelopean eta Eguzkiren erreleboari dagokionean, Andoaingo zatian gutxienez xahutuko diren 165.000.000 horien inguruko aldarrikapenak aintzat hartuta pasa da Txirrinka.

Eguzki, 2016ko maiatzaren, 21ean.


0 comentarios:

Publicar un comentario