miércoles, 11 de enero de 2017

Eguzkik Errekabeltz-Ziako saneamendu-proiektuan inbertitzeko eskatu dio Jaurlaritzari

Baita pendiente dauden beste saneamendu-proiektuentzako ere. 

Eguzkik salatu du aspalditik pendiente diren hainbat saneamendu-lan gero eta gehiago atzeratzen ari direla, funtsean Eusko Jaurlaritzak ez dituelako betetzen horiek finantzatzeko hartu zituen konpromisoak. Gauzak horrela Eguzkik Urkulluren gobernu berriari eskatzen dio arazoari merezi duen bezala heltzeko eta hori 2017ko aurrekontuetan islatzen hasteko.

Errekabeltz hiltzen den lekua, Oria ibaian.

         Atzerapen handia pilatzen duten proiektu pendieetako bat Andoaingo Ziako Erreka edo Errekabeltzekoa da. Kontuan izan, 2007an, erakundeek 2011 bitartean Gipuzkoako hainbat lan hidrauliko aurrera eramateko hitzarmen bat sinatu zutela eta lan horietako bat Ziako Errekakoa zela. Bukatu berri den urtean onartutako plangintza berriaren arabera, berriz, Ziako Erreka saneatzeko lan gehienak ez dira egingo... 2022-2027ra arte! Beraz, gauzak orain arte nola joan diren ikusita eta Jaurlaritzak gaiari behar bezala heldu ezean, Ziako Errekak jarraituko du ur zikinak Oriara sine diae isurtzen. Eta ez dira, ez, mendian sakabanatutako lauzpabost baserrietako ur zikinak, Ziako Errekak Geltoki, Buruntza, Bazkardo, Kale Txiki, Gudarien Etorbidea eta Ama Kandida inguruko auzo zein industrialdeetako isuriak biltzen baititu. Izan ere, Adunako araztegia 2013an martxan hasi zenez geroztik, Errekabeltzekoa ez da Andoainen konpondu gabe geratu den saneamendu-arazo bakarra, baina bai larriena.
EAJren eta PSEren artean izenpetutako gobernu-akordioak beste gauza asko ez ezik honako hau ere badio: "Uraren hornikuntza, saneamendu eta arazketa azpiegitura hidraolikoak garatu eta eraikiko dira, dagoen plangintzaren arabera". Baina plangintzak epeak ere zehazten ditu, eta, ikusi dugun bezala, proiektu askotan epe horiek ez dira bete; beraz, plangintza urratu egin da. Jaurlaritzak saneamenduan orain arte baino diru gehiago inbertitu ezean, plangintza urratzen jarraituko du eta gobernu-akordioaren zati hau ezerezean geratuko da.
         Behin baino gehiagotan entzun izan dugu egiteko dauden saneamendu-proiektuak egiten joango direla "dirua dagoen neurrian". Baina dirua egon badago. Arazo honetan, beste hainbatetan bezala, lehentasunak ezartzean dago gakoa. Hori bai, Jaurlaritzak, 2016an egin duen bezala, Departamentuaren aurrekontuaren % 72 Abiadura Handiko Trenera bideratzea erabakitzen badu, geratuko zaizkion sos apurrekin nekez beteko ditu beste alor batzuetan dituen konpromisoak, adibidez, saneamenduarenak. Gainera, ez da begi-bistatik galdu behar AHT finantzatzea berez ez dagokiola Jaurlaritzari, Estatuko gobernuari baizik, eta saneamendua, berriz, bai.

Andoaingo biztanleen eerdia baina gehiagoren ur zikinak noizko Adunako araztegira?

         AHT "estrategikoa" omen da. Alabaina, saneamendua baino "estrategikoagoa" ote? Gure ustez, saneamendua estrategikoa baino gehiago da, oinarri-oinarrizkoa baita. Ulertzen dugu politikoentzat ia edozer saneamendua baino glamorurosoagoa izatea. Alabaina, guk, Bertolt Brechten urak gure errotara ekarriz, badakigu proiektu txarrak, txarragoak eta zitalak dauden bezala, proiektu onak, hobeak eta bikainak ere badaudela. Eta gero daude ezinbestekoak: horietakoak dira saneamenduarekin zerikusia dutenak.

Eguzki, 2017ko urtarrila

P.S. Jaurlaritzak agindutako dirua inbertitu ez duelako Gipuzkoan egin gabe dauden saneamendu-proiektuei buruzko informazio gehiago nahi izanez gero, begiratu honako web honetan:



1 comentario: